ARGITALETXEA

Ez datorren erreinua / Le Royaume qui ne vient pas filosofia politikoko argitaletxe bat da, Urepelen, Ipar Euskal Herrian kokatua.

Uste sinple batetik sortu da: mundua deskribatzeko erabiltzen ditugun hitzak ez dira sekula osoki neutralak.

Jabetza, lana, pertsona, identitatea, komunitatea, balioa, gobernua: kategoria horiek ez dute soilik dagoena izendatzeko balio. Gure bizitzeko eta pentsatzeko moldeak, baita elkarrekiko harremanak ere, antolatzen dituzte.

Filosofia politikoa argitaratzea, guretzat, kategoria horiek berriz irekitzea da, eta agerikoa dirudiena berriz galdera bihurtzea.

Filosofia politikoa

Politika ez da hemen instituzioetara, hauteskundeetara, alderdi politikoetara edo aktualitatearen iruzkinera mugatzen.

Oinarrizkoagoa den zerbaiti begiratzen diogu: elkarrekin bizitzeko formei eta horiek antolatzen dituzten dispositiboei.

Zergatik pentsatzen dugu geure burua elkarrengandik bereizitako banako gisa? Nola bihurtzen dira identitate batzuk ageriko? Zer erran nahi du zerbaiten jabe izateak? Zer litzateke identitate komun batean oinarritzen ez den komunitate bat? Nola moldatzen dute lanak, teknikak edo balioak munduaz dugun esperientzia?

Agerikoa zirudiena berriz galdera bihurtzen denean hasten da filosofia politikoa.

Helbururik gabeko politika

Politika modernoaren parte handi bat promesa baten inguruan eraiki da: oraina geroan gauzatu beharreko zerbaiten arabera antolatu behar zela.

Aurrerapenak, garapenak, iraultzak, hazkundeak edo gizarte idealak erranahi oso desberdinak izan ditzakete, baina maiz egitura bera partekatzen dute: gaur badenak bere erranahia beste nonbait edo geroago kokatutako helburu batetik hartzen du.

Beste aukera bat aztertu nahi dugu.

Helbururik gabeko politika batek ez du erran nahi deus ez egitea, ez eta mundua eraldatzeari uko egitea ere. Oraina ez neurtzea da, egun batean gauzatu beharko litzatekeen eredu baten arabera.

Horren ordez, jadanik diren bizitza-formei begiratzen die: haien aukerei, gatazkei eta eraldaketei; baita ere zer agitzen ahal den, ezartzen dizkiguten funtzioek eta identitateek ageriko izateari uzten diotelarik.

Ez da aitzinetik erabakitzea zer etorri behar den, baizik eta agitzen ahal denari lekua egitea.

Ez datorren erreinua

Argitaletxearen izenak orientazio hori biltzen du.

Erreinua ez da etortzen, ez baita haren beha egoterik.

Ez du etorkizunera atzeratutako mundu ideal bat izendatzen, ez eta egun batean lortu beharreko osotasun adiskidetu bat ere.

Funtsezkoa orainean jokatzen da: alda ditzakegun erabileretan, desaktiba ditzakegun kategorietan, berriz osa daitezkeen harremanetan eta agitzen ahal diren bizitza-formetan.

Frantsesezko izenak eta euskarazkoak — Le Royaume qui ne vient pas / Ez datorren erreinua — ez dute, beraz, huts egin duen itxarote bat adierazten.

Alderantziz: beha egoteari uzteko gonbita dira.

Euskararen eta frantsesaren artean

Argitaletxeak bi hizkuntzen artean lan egiten du.

Testu bat frantsesez bada baina euskaraz irakurtzerik ez bada, euskarara ekartzen saiatzen gara. Era berean, euskarazko testu bat frantsesez argitaratzen ahal dugu, hizkuntza horretan zirkulatzea merezi duenean.

Argitaratu gabeko testuen kasuan, bi hizkuntzetako argitalpenak egitea ere posible da.

Helburua ez da, beraz, liburu bakoitzaren bi bertsio sistematikoki egitea, baizik eta testuak falta diren tokietara eramatea.

Itzulpena ez da guretzat bigarren mailako eragiketa bat. Testua lekuz aldatzen du, beste historia batean sartzen eta beste irakurle batzuekin topo egiteko aukera ematen dio.

Liburuak egitea

Liburuari objektu gisa ere arreta berezia ematen diogu.

Papera, tipografia, koadernaketa, azala eta maketa irakurketaren esperientziaren parte dira. Testuak gero eta molde lasterrago, zatituago eta trukagarriagoetan zirkulatzen diren garaian, liburu bat egitea pentsamenduari denbora eta forma emateko manera bat ere bada.

Argitaratzea, itzultzea, irakurtzea eta eztabaidatzea lan beraren alderdiak dira: pentsamendua zirkularaztea.

Recherche