ELKARTEA
Ipar Euskal Herrian kokatua den argitalpen-egitura independentea.
Le royaume qui ne vient pas / Ez datorren erreinua 1901eko legeak arautzen duen elkartea da, Urepelen sortua, Ipar Euskal Herrian.
Filosofia politikoko obrak euskaraz eta frantsesez argitaratzea du xede, baita pentsamendu kritiko garaikideko obra garrantzitsuak itzultzea ere. Itzulitako obrak harrera-hizkuntzan baizik ez dira argitaratzen; oraino nehon argitaratu gabeko obrak, aldiz, bi edizio bereizitan argitara daitezke, bata euskaraz eta bestea frantsesez.
Gure lana hiru eskakizunen arteko bidegurutzean kokatzen da: pentsamendu-testuak zabaltzea, euskara filosofia-hizkuntza gisa garatzen laguntzea eta argitalpengintza independente, material eta zaindua defendatzea.
Izenaren erranahia
Ez datorren erreinua izenak itxarotearen kritika bat darama bere baitan: etorkizun adiskidetu baten itxarotea, mundu azkenean burutu baten promesa, oraina sakrifikatu beharko litzaiokeen gero baten ideia.
Gure proposamena alderantzizkoa da. Ez da Erreinua itxarotea, oraina bizigarri egitea baizik. Utopia abstraktua bezainbat etsipen nihilista errefusatzea.
Hemen eta orain, mutilatzen gaituenari ihes egiteko gai diren bizitza-formak bilatzea. Erreinua ez dator, ez baita etortzekoa. Hura da bizigarri egin behar duguna.
Zergatik euskara?
Euskaraz argitaratzea ez da keinu folkloriko bat. Hizkuntza gutxitu batek gaur egungo pentsamenduaren kontzeptu zorrotzenak har ditzakeela baieztatzea da.
Debord, Tiqqun edo Agamben euskarara ekartzea, euskarazko filosofia-hiztegi baten osaketan parte hartzea da: merkantzia, espektakulua, biopolitika, zibernetika, bizitza-formak eta kapitalismo garaikidearen bilakaerak errateko gai izanen den hiztegi bat.
Itzulpen bakoitzak jatorrizko testua transmititzen du eta, aldi berean, harrera-hizkuntza eraldatzen du. Gune bat irekitzen du, euskarak bere oroimenetik deus galdu gabe pentsamenduaren, kritikaren eta orainean esku hartzeko hizkuntza gisa bere tokia har dezan.