MANIFESTUA

Ez datorren erreinua

« Jesusek Erreinua iragartzen zuen, eta Eliza izan da zetorrena. »

Ez datorren erreinua

Ebanjelioetan, Jesusek etengabe hitz egiten du Zeruko Erreinuaz. Haren heriotzaren ondotik, Apostoluen Egintzek dizipuluen nahasmenduaren lekukotasuna ematen dute: itxaropenaren eta zalantzaren arteko tentsioarena. Paulo, tesalonikarrei idatzitako bigarren gutunean, parousia terminoaren bidez saiatuko da tentsio hori bideratzen: Jesukristoren berpizkundearen esperantzak, denbora gizatiarra etorreraren itxaronaldi gisan egituratzeko balioko du. Ordutik hona, Mendebaldeko pentsamenduak ez dio inoiz utzi bizitza atzeratzeari, orainaren kaltetan etorkizun hobe baten izenean. “Ondoren” baten izenean, beti hobea izango omen denaren izenean. Itxaronaldiaren egitura hori ez da erlijioen gainbeherarekin desagertu. Alderantziz: azken hiru mendeetako mugimendu iraultzaile guztien bihotz-taupada izan da. Utopia sozialistetatik XX. mendeko abangoardietara, liberalismo progresistatik gaur egungo transhumanismora, promesa bera errepikatzen da nonahi: biharra gaurra baino hobea izanen da, baldin eta gaurra biharrari sakrifikatzen badiogu. Guk logika horri uko egiten diogu. Ez pesimismoagatik — munduak aski hondamendi-profeta baditu —, ez nihilismoagatik — ez dugu suntsipena ospatzen —, argitasunagatik baizik.

Erreinua ez da etorriko, jadanik hemen delako. Guri dagokigu bertan bizitzea.

Oraina bizigarri egitea

Zer da oraina bizigarri egitea, inguratzen gaituen orok handik erauztarazten gaituenean? Kapitalismo garaikidea ez da jadanik merkantziak ekoiztera mugatzen. Errealitatea bera ekoizten du: gure desirak, gure afektuak, gure harremanak, denborarekiko dugun lotura. Espektakulua — gure eta munduaren arteko bitartekotza orokortu hori — existentziaren gunerik estuenak ere kolonizatzera iritsi da. Sare sozialak ez dira tresna neutralak: bizitza eszenifikatu baten azpiegitura dira, non une bakoitza harrapatu, baliozkotu eta monetizatu behar den. Horren aurrean, tresna kontzeptualak behar ditugu. Situazionistek jadanik ulertu zuten, 1960ko hamarkadan, kapitalismoa fase espektakular batean sartua zela, non irudia indar produktibo nagusi bilakatzen zen. Debordek idatzi zuen: « zuzenean esperimentatua zen oro irudikapen bilakaturik da » Zer erran gaur, irudikapena bera algoritmikoa denean, gure bizitzak bizituak izan aitzin datu gisa kodifikatuak direnean? Pentsamenduok ez dira bitxikeria akademikoak. Armak dira.

Orainaren premia

Une erabakigarri batean gira. Adimen artifiziala eta robotika ez dira teknologia gehigarri hutsak. Lanarekiko, ezagutzarekiko, sorkuntzarekiko eta alteritatearekiko harremanak errotik eraldatzen dituzte. GPTk eta haren aldaerek ez dute “pentsatzen”, baina pentsamendua hain ongi simulatzen dute non bereizketa hori gehienentzat lausotu egiten den. Deepfake-ek ez dute errealitatea ordezkatzen soilik: erregimen berri bat ezartzen dute, non egiaren galdera bera bigarren mailan gelditzen den, eraginkortasun narratiboaren aurrean. Gobernagarritasun algoritmikoa ez da gehiago Foucault-ren panoptikoaren antzekoa. Aurreikuspen bidez funtzionatzen du: burbuila pertsonalizatuak sortuz, portaerak moldatuz, nudging delakoaren bidez — “bultzada leun” horren bidez —, zeinak libreki jardutera garamatzan, sistemak nahi duen bezala portatzeko. Biopolitika — gorputzak gobernatzetik haratago, bizitza bera administratzen duen botere hori — gaur egun intentsitate ezezagun batera iritsi da. Adimen artifiziala, algoritmo prediktiboak, trazabilitate digitala: zibernetika oso baten agerpena ikusten ari gara, non kontrola ez den aurrez aurre ezartzen, baizik eta portaeren modulazio jarraituaren bidez. Giza praxiaren kaptura integral horren aurrean, kontua ez da halako kolapso baten ameskeria elikatzea, hark mirakuluz askatuko gintuzkeelakoan. Kontua da, hemen eta orain, identitate eta funtzio aurreikusgarri horietara murriztezin dien bizi-formak garatzea. Munduan-izateko moldeak, osoki kodetuak, kuantifikatuak edo optimizatuak izateari uko egiten diotenak.

Hizkuntza, erresistentzia gisa

Frantsesez eta euskaraz argitaratzen dugu. Hautu hori ez da folklorikoa. Euskara hizkuntza filosofiko gisa lantzea, ageriko uste bati uko egitea da: munduaren konplexutasunaren berri emateko komunikazio-hizkuntza handi batzuk baizik ez liratekeela gai. Alderantziz, erakutsi nahi dugu euskarak Benjamin, Debord, Agamben, Tiqqun edo Vaneigem har ditzakeela, eta hori eginez, eraldatu egiten dela, tresneriaz hornitzen dela, hedatzen dela. Hizkuntza bakoitzak bere baitan ditu ahalmen kontzeptual bereziak. Itzultzea jatorrizko testuari indarkeria egitea da; beharrezkoa eta emankorra den indarkeria. Aldi berean, itzultzea harrera-hizkuntza bera eraldatzea ere bada, oraindik erraten ez zuena erratera behartzea. Ipar Euskal Herrian, mendeetako errepresio linguistikoaren arren euskarak bizirik dirauen tokian, keinu horrek oihartzun berezia du. Ez da identitate-nostalgia kontua, erresistentzia forma garaikide bat baizik: hizkuntzen uniformizazioari uko egitea, munduen uniformizazioaren sintoma eta bektore den heinean. Egitasmo hori ez da norabide bakarrekoa. Frantsesetik euskarara itzultzen badugu ere, jatorriz euskaraz idatzitako saiakerak ere argitaratuko ditugu, frantsesez eskuragarri eginez. Pentsamendu kritikoak norabide guztietan zirkulatu behar du.

Liburua, objektu gisa

Dena desmaterializatzen ari den mundu batean — irakurketa bera ere fluxu bilakatzen denean: scrolling amaigabea, pantailan kontsumitutako artikuluak, pisurik eta usainik gabeko liburu digitalak — kontrako hautua egiten dugu. Gure argitalpenak objektuak dira. Tirada mugatuak, kalitate handiko akaberak, aukeratutako papera, zaindutako maketazioa. Gure liburuetako bat eskuetan izatea esperientzia ukigarria izatea nahi dugu, haren presentzia fisikoak ahanztura algoritmikoari aurre egin diezaion. Ez da fetitxismoa. Koherentzia da: munduaren desmaterializazioa kritikatzen badugu, ezin dugu hori pantailatik soilik egin. Liburuaren materialtasuna defendatzen dugunarekiko leialtasun forma bat da: errealaren sendotasuna haren birtualizazioaren aurka. Hemen, bakantasuna ez da marketin-artifizio bat. Logika editorial batetik dator: irakurle zorrotz bati zuzentzen gatzaizkio, geldotasuna izateko gai denari, testu berera behin eta berriz itzultzeko prest dagoenari. Ez dugu biraltasuna bilatzen, sakontasuna baizik. Ez audientziarik handiena, audientzia egokia baizik.

Gure ildo editoriala

Teoria kritikoaren testu funtsezkoak argitaratzen ditugu, baita haren bultzadari jarraipena ematen dioten saiakera garaikideak ere. Gure ardatz tematiko nagusiak hauek dira: merkantzia eta espektakulua, biopolitika eta zibernetika, bizi-formak eta munduan-izatea. Liburu bakoitza bi ediziotan plazaratzen da: bata frantsesez, bestea euskaraz. Itzulpenak elkartearen baitan egiten dira, testu horiek sakonki ezagutzen dituzten pertsonek eginik, eta behar den denbora hartuz, pentsamendua benetan hizkuntza batetik bestera igaro dadin. Ez dugu osotasuna bilatzen. Ildo bat marrazten dugu: konformismoari uko egiten dion pentsamendu baten ildoa, ez utopismoari ez nihilismoari men egiten ez diona, eta gaur egungo munduaren eraldaketetan jokoan zer dagoen erraten saiatzen dena.

Ildo hori biziarazi

Le royaume qui ne vient pas / Ez datorren erreinua gonbidapen bat da: oraina osoki bizitzea, gure egoera argitasunez pentsatzea, mutilatzen gaituenari aurre egitea, eta bizirik atxikitzen gaituena lantzea.

Atxikimendu bakoitzak, sostengu bakoitzak, irakurketa bakoitzak Ipar Euskal Herrian argitalpen-espazio independente, elebidun eta zorrotz baten sorrera laguntzen du.

Recherche